2019 - 11 - 14

Haize-metalezko musika tresnen aurkezpena: Tronpa

tronpa1

Martxoan, herriko Musika Bandako kideen bitartez, haize-metalezko musika tresnen aurkezpena egingo da Musika Eskolan. Tronpa da, beraien arteko bat. Metalezko haize-instrumentua da, pabiloi zabal batean amaitzen den tutu koniko kiribildu batez osatua. Kono-formako ahoko pieza du, eta 3-4 pistoi birakari. Tronpa arruntena fa/sib tronpa bikoitza da. Transposizio-instrumentua da, soinu erreala baino bostun bat gorago idazten dena. Ohiko hedadura: sib0-fa4. Behe erregistroa fa klabean idazten da, eta goikoa sol klabean.Ehizeko kornoan du jatorria. Antzinean animalien adarrekin egiten ziren, baita egurrez, metalez, marfilez, beiraz era itsas-kurkuiluz ere.Tutu luze eta mehea du. Lau metro inguru neurtzen du, baina tutua bere baitan biribilduta dago. Forma zirkularrekoa da eta hiru pistoiak ditu.Tronpak soinu gozo eta leuna dauka, metalezko instrumentuen artean leunena. XVII. mendean gaurko itxura hartzen du.

Nola jotzen da?: instrumentu honek berezitasun bat dauka. Eskuineko eskua kanpaia barruan sartzen da eta hori mugituz sordina moduan erabil daiteke.Beste eskuekin hiru balbulak pultsatzen dira soinu desberdinak sortu ahal izateko. Entzun esteka honetan : Mozart-en Kontzertua

Hona hemen kolore ezberdinetako tronpak:

Ondorengo hau da musika tresna honen tesitura:

Musika tresnen aurkezpena: biolina

biolTalde2

Biolina soka familiako instrumentua da. Familia honetako instrumentu guztietan, soinua, teinkaturik dagoen soka bat bibratzen duenean sortzen da. Bibrazio hori hiru modutan gerta daiteke: soka igurtziz, soka pultsatuz edo soka kolpekatuz. Soka igurtzia: instrumentu hauetan sokak arku batekin igurtzen direnean soinua sortzen da. Arkua teinkaturik dauden zaldikimekin eginda dago. Familia honetako instrumentuak oso antzekoak dira. Desberdintasuna tamainan eta soinuan aurkitzen da; tamaina zenbat eta handiagoa izan soinua orduan eta grabeagoa da. Musika-tresna hauek lau soka dituzte. Biolinaren soinua, soka igurtziz ateratzen da
BIOLINA – Familia honetako instrumenturik ezagunena da.Lauetatik txikiena, beraz, zorrotzena da. Orkestra sinfonikoaren musika-tresnarik ugariena da.Garai bateko musikagileek asko estimatzen zuten biolina; ondorioz, oso errepertorio aberatsa duen musika-tresna da.
Nola jotzen da biolina? – bi modutan jo daiteke: arkuarekin sokak igurtziz edo hatzekin sokak pultsatuz. Azkenengo teknika horri “pizzicato” deitzen zaio. Oinarrizko posizioa hau da: Buruak eta sorbaldek biolinari eusten diote. Ezkerreko eskua biolinaren giderrean jartzen da.  Eskubiko eskuak arkua hartzen du. Bere sokak 4 dira: mi – la -re – sol eta hauxe da bere tesitura:

BIOLA – Instrumentu honen soinu-hedadura edo tesitura biolinaren eta biolontxeloaren artean dago. Argazkian ikusten den bezala, biolinaren antza badauka ere, pixka bat haundiagoa da. Biolinaren soinua baino apur bat grabeagoa dauka.

Nola jotzen da biola? Biola eta biolina jotzeko teknika berdina da. Biolaren kasuan, instrumentua eta arkua haundiagoak dira. Bitxikeri gisa, instrumento honentzako musika do-ikurran idatzita dago, nahiz eta sol-ikurra ere erabili izaten den: Bere sokak 4 dira:  la -re – sol – do eta hauxe da bere tesitura: Hona hemen Vivaldi-ren Lau urtaroetatik “Uda”ren bertsioa Ara Malikianek interpretatuta:Ara Malikian

Saxofoiaren aurkezpena:otsailak 13 eta 14

saxofoia

Saxofoia, metalezko haize instrumentua da. Laton izeneko materialez eginda dago eta metalezko instrumenturik zaharrenetako bat da. MI b-en afinatuta dago. Soinu argia eta distiratsua du. Ozen jotzen bada soinu sakona du eta taldeetan beste instrumentu askoren gainetik entzuten da. Oso funtzio garrantzitsua betetzen du bandetan, eta jazz-ari esker, musika tresna hau ospetsua egin da.
Adolphe Sax Belgikarrak asmatu zuen 1845ean. Zazpi saxofoi mota daude, altua eta tenorea erabiltzen dira gehien bat.
Saxofoi Altua: bere tonua saxofoi sopranoa eta tenorraren artekoa da eta musika egiterakoan gehien erabiltzen dena da. Saxofoi honek 23 tekla ditu. Ondorengo estekan entzun dezakezue saxofoi altua:Gotye ft. Kimbra – Somebody That I Used To Know

Saxofoi Tenorra: saxofoi altuaren berdina da, baina, bere soinu baxuagoarengatik desberdintzen da, eta bere tamainarengatik ere. Saxofoi honek 19 tekla ditu. Hona hemen 6 Saxofoi ezberdinak, txikienetik hasita: sopraninoa (Eb), sopranoa (Eb), Altua (Eb), tenorra (Bb), baritonoa (Eb) eta baxua (Bb).

Zeharkako txirularen aurkezpena:otsailak 9 eta 13

txirula berdea

Txirula, instrumenturik zaharrenetako bat da. Egurrezko familiakoa da baina  zilarrezkoa edo urrezkoa izan daiteke.Txirula-mota asko daude baina hemen aurkeztuko duguna zeharkakoa da. Orkestretan oso erabilia izan arren, jazzen, flamenkoan eta musika zeltiarran ere asko erabiltzen da.
Nola jotzen da?: lurrarekiko ia paralelo eusten da, eta jotzailearen eskuin aldera kokatzen da. Txirula-jotzaileak ezkerraldeko muturrean dagoen zulotik putz egiten du eta gainontzeko zuloak itxiz edo irekiz giltzen bidez  , soinu ezberdinak lortzen dira.
Haize-zutabea zenbat eta luzeago izan, soinua orduan eta grabeago izango da. Oso tresna bizkorra da, horregatik jotzaileak abiadura handiko pasarteak interpreta ditzake. Bestalde, “Piccoloa” daukagu; musika tresna hau, fisikoki zeharkako txirula bezalakoa da baina tamaina txikiagoarekin. Doinua antzekoa da, zortzidun bat altuagoa. Hona hemen .Flautarako eta arparako Kontzertua Do Maiorren K299

Trikitixa edo eskusoinu txikiaren aurkezpena: otsailak 8 eta 9

zero-sette-antiko-beltza

Eskusoinu txikia edo soinu txikia akordeoi diatonikoa da, hau da bi tonu ezberdin dituen akordeoia. Italiar jatorrikoa. Trikiti musika jotzeko erabiltzen denean, trikitia edo, zenbait euskalkitan, trikitixa ere deitzen zaio. Euskal Herrian trikitixa edo soinu txikia bezala ezagutzen den instrumentua soinu diatonikoaren familian kokatzen da. Lehen akordeoi diatonikoa Vienan (Austria) egin zen 1829an. Akordeoi diatonikoak haizea erabiltzen du aluminiozko lenguetak dardararazteko eta horrela sortzen da soinua. Txinako Cheng instrumentuan du aurrekaria, armonika baten antzera putz eginez jotzen zen instrumentu hau k.a. 2700. urtetik. Euskal Herrian XIX. mendetik erabiltzen den haizezko instrumentua da. Europan eta Ameriketan ere ezaguna da, aldaera askorekin.
Hainbat  tonu eta tamainatakoak daude. Askotan pandero baten laguntzaz jotzen da edo baita beste musika tresna mota ezberdinekin ere. Hona hemen, biolina, gitarra, baxua eta bateriarekin osatutako musika talde batean:HUNTZA Taldea ALDAPAN GORA
Nola dago osatuta?:
Lengueta:  Metalezko xaflatxoa, haizeak dardararazten du soinua ateraz.Somier izeneko egurrezko ohe batean kokatzen da.

Hauspoa:
Haizea bildu eta botatzeko balio duen kartoizko sistema.

Somiera:
Lenguetak kokatzeko balio duen egurrezko ohea.

Teklatua:
Botoiak sakatuz haizeari pasatzen uzteko balio duen sistema.

Baxuak:
Ezkerreko eskuarekin jotzen dira normalean. Botoi bakar batek lengueta desberdinak liberatzen ditu akordeak sortuz.

Ahotsak:
Nota bat jotzerakoan dardara egiten duten lengueta kantitatea.
Soinu txikiak normalean 3 eta 4 ahotsekoak izaten dira.

Perkusiozko musika tresnen aurkezpena-otsailaren 6an eta 7an Musika Hizkuntzako gelan (6-7 urteko ikasleentzat)

bongoak

Altuera zehaztugabeko tresna bezala ere ezagutzen dira. Ezin dute doinuarik egin nota musikalak ez dituztelako ekoizten; doinuak laguntzeko tresnak dira. Sailkatzeko modu desberdinak egon badaitezke ere, hemen bi taldetan banatuak agertezen dira: alde batetik minzdunak direnak, eta bestetik, idiofonoak direnak. Izenburuaren gainean saka dezakezue instrumentu horiek hobeto ezagutzeko.
MINZDUNAK: Instrumentu hauetan soinua mintz baten bibrazioz sortzen da. Orokorrean kolpatzen dira, baina zenbait soinu-efektua lortzeko, igurtziz ere jo daitezke. Hauek dira batzuk: KAXA , EUSKAL PANDEROA, BONBOA, DJEMBE, DARBOUKA, BONGOAK, CONGAK.
IDIOFONOAK: Instrumentu hauetan musika-tresnaren gorputza bera bibratzen du soinua sortuz. Talde hau oso zabala da, eta elkar jotzen, kolpekatzen, marruskatzen eta astintzen diren musika-tresnak aurki ditzakegu. Hauek dira batzuk: AGOGO GÜIROA, MARAKAK, KLABEAK, KRISKITINAK, TRIANGELUA, KABASA, PANDERETA, TXINDATAK, GONGA, KAXOI FLAMENKOA, TXINATAR KAXA, KROTALOAK, TXALAPARTA.