2017 - 10 - 24

IBILBIDEA

1979an, Donostiako Kontserbatorioak bete berri zuen mende bat eta, goi-maila lortzear zegoen. Une hartan, musika-ikasketak deszentralizatzeko proposatu zuen. Izan ere, lurralde osoko ikasleen matrikulazio-kopuruak gora egin zuen eta arazo bihurtu zen, aldizka, hainbat herritara joan beharra azterketak egitera.

Azkoitian eta garai hartan, balio akademikodun eskola sortzea, erronka handia zen. Hala ere, herriko hainbat irakasle eta guraso Batzorde baten bidez proiektu berri hau Udalean aurkeztu ondoren abian jartzeko onespena jaso zen.

Eusko Jaurlaritzatik behin betiko baimena 1982-83ko ikasturtean lortu zen. Lehenengo urratsak behin-behinekoak, errukietxe zaharrean eman ziren eta 1985ko urtarrilean orain guztiok ezagutzen dugun ikastetxera pasatu ziren (jatorriz, Gaztan Enea).

Eraikina udalarena da, eta urteko hiru sarrera-iturriren bitartez finantzatzen da zentroa: Ikasleen matrikulak eta kuotekin, Eusko Jaurlaritza eta Udalaren diru-laguntzekin. Irakaskuntza egiturari dagokionez, aldaketa asko izan dira. Hasiera batean, Musika Eskolak oinarrizko mailaren baimena lortu zuen eta 1991ko azaroan, ertaineko maila. Irakaskuntza mota, nahiko zorrotza zen, izan ere, etorkizunean profesionalak sortzeko prestakuntza bakarrik eskaintzen zen.

LOGSE legeak, musika-irakaskuntzari dagokionez, beste ate batzuk ireki zituen. Ikasketak musikazale gisa eta musika-mota gehiago ikasteko aukera ekarri zuen berarekin.1994an, Bizkargi Musika eta Dantza Eskolak, gaur egun ematen den irakaskuntza-ereduari hasiera eman zion. Gaur egun, haurrek, gazteek eta baita helduek ere jasotzen dute prestakuntza. Irakaskuntza irekia da dauden modalitate guztietara, baina beti eskariaren eta eskolaren baliabideen arabera. Funtsezko oinarria da musika eta dantza eskolak harrobi gisa balio dezala askotariko taldeak bultzatzeko, hala nola, tokiko ahots-musika egiten dutenak, talde instrumentalak eta dantza-taldeak, bai eta bestelako joera berriak ere.

Ikastetxeak, 2008-09ko ikasturtean hogeita bosgarren urtemuga ospatu zuen. Ibilbide guztia, atal honetan erantsita dagoen liburuan agertzen da.